
Jose
Mari Uzelai
(Bermeo 1903 - Busturia 1979)
Bermeon
sortu zen Jose Maria Uzelai, 1903ko azaroaren 1ean. Jaioterrian
bizi zen 6 urte bete arte. 1909an, familia osoa amaren jaiotetxera
joan zen, Busturiako Txirapozu baserrira. Ikasketetako lehen
urteak Bilbon egin zituen, eta gero ingeniaritza ikasten
hasi zen. Baina ikasketa horiek utzi egin zituen, eta Txirapozura
itzuli zen, aitaren aginduz.
Baserriko itzulera haurtzaroko munduaren itzulera izan zen.
Han aurkitu zituen berriro Gaspar Bulukuaren medizina eta
botanika liburuak, Manuel Txirapozuren tresna eta margo
orientalak eta Jose Manuel Uriarteren ontzi-liburuak. Hiru
erreferentzia horiek Uzelairen mundu ikonikoa osatu zuten.
Txiapuzo
jauregia - Busturia |
Artista sena 16 urte zituela etorri zitzaion. Orduan egin
zituen lehen margolanak. Berehala hasi zen erakusketetan
parte hartzen, Bilbon eta Zaragozan. 1922an, Eusko Ikaskuntzaren
Batzarrean izan zen. Han, Julian Tellaetxek bere bi margolan
eskaini zizkion Uzelairen baten truke. Uzelaik berak honela
gogoratzen zuen orduko truke proposamena:
«Honela
esan zidan: "Zu baino hogei
urte zaharragoa naiz. Ia 30 urte daramat margotzen. Zuk
baino gehiago dakit pinturaz, eta badakit zer esan eta zer
egiten dudan..."».
Urte hartan bertan Parisera joan zen, «garai
hartan dena Parisen baitzegoen». Frantziako
hiriburuan 1938 arte egon zen, tartean behin euskal Herriratzen
bazen ere. Parisen artista abangoardistak ezagutu zituen.
Garai hartan (1933) margotu zuen Bermeoko batzokiko murala.
Urte hartako azaroaren 7an ezkondu zen Ines Atxirikarekin.
Parisen seikote bat osatu zuen Uzelaik, eta han ibiltzen
ziren tertuliaz tertulia.
«Sasoi
hartan, tertuliak zirela eta, jende ezagun asko ezagutu
genituen: Paul Moran, Alejo Carpentier, Blaise Cendras,
Hemingway, Fitzgerald, Le Corbusier. Primo de Riveraren
diktaduratik ihesi etorritako Unamuno ere ezagutu nuen.
Adiskidetasun handia egin nuen Mauridce Ravelekin ere; euskaraz
mintzatzen ginen biok. Tertuliakide genituen Strawinsky,
Falla, Picasso...».

Arte
Ederretako zuzendari
1936an, Jose Antonio Agirre lehendakariak Eusko Jaurlaritzak
Arte Ederretako zuzendari izan zedin eskatu zion. Agirre
batxilergo garaitik ezagutzen zuen, eta baietza eman zion.
Hurrengo urtean Parisko Erakusketako Eusko Jaurlaritzaren
pabilioiko zuzendari izan zen. Julian Tellaetxerekin batera,
Euskal Herriko artelanak salbu jartzeko ardura hartu zuen,
Gerra Zibila zela eta. Garaiko beste artista askok bezala,
erbestera joan behar izan zuen 1938an. Ingalaterran babestu
zen1949 arte. Orduan margotu zituen, besteak beste, Queen
Mary eta Caronia ontzietako muralak.
1949an itzuli zen erbestetik. Madril eta Busturia artean
bizi izan zen hurrengo hogei urteetan.

Krisia
60ko hamarkadatik aurrera, Uzelairen gainbehera hasi zen.
Hainbat proiektu enkargatu zizkioten, baina ordaindu ez;
diru arazoak sortu zitzaizkion azkenean... Horrekin guztiarekin
krisi sakon bat igaro zuen Uzelaik. Artisten batasuna bultzatzen
zuen "Emen" taldean parte hartu arren (Gipuzkoako
"Gaur", Arabako "Orain" eta Nafarroako
"Danok" taldeen parekoa), Uzelai zen gerra aurreko
artista bakarra; eta besteek errespetu eta begirune handia
zioten arren, ikasle gutxi zituen taldean.
1969an, Busturian geratu zen betiko. Modu horretan, bi bizileku
izatearen karga ekonomikoa arindu zuen. Han zegoela, muralak
alde batera utzi, eta oihaletan margotzera eta marraztera
mugatu zen. Koadroak salduz bizitzeko adina ateratzeko moduan
zen. Orduko margolanak garai bateko oroitzapenak berreskuratzeko
saio bat izan ziren; garai hobeak, dudarik gabe. Londresera
eta Parisera egin zituen bidaiek ere helburu hori zuten.
Uzelairen azken urteetan, artista handiaren itzala gogorarazi
nahi zuten adiskide batzuek (Txillida, Martin Ugalde...)
omenaldia antolatu zioten 1978an.
Artrosiak eta bronkioetako gaitzak hilabete bat ohean ia
mugitu ezinik utzi eta gero, 1979ko abenduaren 24an hil
zen Uzelai, 76 urte zituela.

Uzelairen
lanak
"Erretilua"
(La bandeja) - Jose Mº Uzelai
70 x 90 cm. Olioa eta ehuna - 1935 |
Estilo pertsonal markatua zuten Jose Maria Uzelairen lanek.
Formen imitazioak gainditzen zituen haren errealismoak;
errealismo magikoa zen harena, ukitu manierista eta espresionistekin.
Bere garaiko erretratistarik onenetakoa, berak margotutako
pertsonaiak nolabait itxuraldatuta agertzen dira eta atmosfera
garden batean sartuak, errepresentazio hutsetik haratago.
Natura hiletan eta bereziki itsasoko gaietan egindako lanetan,
marrazkiek eta konposizioek ekialdeko eragina dute; umetan
Txirapozu baserrian ikusitako Manuel Txirapozuren tresna
eta grabatu orientaletatik eta Jose Manuel Uriarteren ontzi-liburuetatik,
edo Londresen zegoela hainbat aldiz irakurritako Stevenson,
Conrad eta Londonen nobeletatik hartuak dirudite.
   

HAUR HEZKUNTZAKO
BLOGA (Berria)
LEHEN HEZKUNTZAKO
BLOGA (Berria)
Historia
eta Artea | Keramika
| Txakolina
| Kirolak
Jokuak
| Ingurune
naturala
| Dantzak
| Argazkiak

|